Azalpena

EGIKERA ETA JOTZEKO ERA
Tronpetak metalezko hodi zilindrikoa du; fliskornoaren eta kornetinaren kasuan hodia konikoa da, bueltetan bildua. Mutur batean ahokoa du eta bestean hotsa handitzen duen kanpai gisako zabalgunea. Tonu aldaketarako normalean hiru pistoi edo zilindro dituzte. Batzuetan lau pistoi izan ditzakete. Ohikoenak Si b tonuan izaten dira.
Metalezko haize-tresna moderno guztiek jotzailearen ezpainek dar-dar egiten dutenean ateratzen dute hotsa, hodietan aire-zutabean dardara bat sortuaz.

Tronpeta. JMBA Bilduma, 355 zk. (Arg.: O. Zapirain-Soinuenea)
Aire-zutabearen bibrazioaren maiztasuna alda daiteke ezpainen tentsioa eta irekidura edo ahokoaren jarrera aldatuz eta mihiaren posizioa aldatuz ahobarrunbearen forma aldatzeko, horrela aire-korrontearen abiadura handituz edo txikituz. Horrez gain, pistoi edo zilindro bat edo gehiago sakatuz, aire-zutabea luza daiteke, altuera jaitsiz. Zazpi jarrera ezberdinak erabilita eskala kromatikoa jotzea lortzen da. Bi eskuekin hartzen da.
HISTORIA
Metalezko pistoidun soinu-tresna hauek mota desberdinetako taldeak osatu dituzte eta aspaldidanik aritu dira Euskal Herriko eskualde guztietako herri jai eta festetan dantza eta doinu ezberdinak jotzen.
Hobekuntza teknikoei esker, tronpetaren presentzia garrantzi handikoa izan da Euskal Herriko musika bandetan XIX. mendearen bukaeratik aurrera eta ondoren sortutako orkestina-jazbana, fanfarre eta txaranga gisako musika taldeetan.
Aipatu beharrekoa da txistu bandetan aspaldidanik egin den tronpetaren erabilera ere. Hasiera batean klarinak erabiltzen ziren, hau da, pistoirik gabeko tronpetak, eta pistoien asmatzearekin pistoidun tronpetak erabiltzen hasi ziren.

Gipuzkoako Aldundiko tronpeta-joleak. 1956. (Iturria: Kutxateka. Arg.: Paco Marin)

Gasteizko Udal Txistulari Banda klarin pistoidunekin. 1990. (Iturria: EHTE)

Donostiako Udalaren Txistulari taldea tronpeta-joleekin. (Arg.: Pablo Axpe)
Batzuen ustez, aspaldiko etxeratze edo bestelako aginduekin lotuta dago tronpeten erabilpena. Horren harira, Gasteizko San Prudentzio egunaren bezperako erretreta frantses gudarostea hirian zegoen garaiarekin lotzen dute. Klarin-korneta naturalak joko zituzten eta XIX. mendearen erdialdetik aurrera, pistoien asmakizunarekin, tronpeta kromatikoak erabiltzen hasi ziren.

Arabako miñoi tronpeta eta atabal joleak. 1939. (Iturria: Photo Araba)

Bizkaiko Aldundiko tronpeta joleak Estibalizen 1940an. (Iturria: Photo Araba. Arg.: M. Salinas Salazar)
Tronpeta bezain erabilia musika bandetan baina gainontzeko taldeetan erabiltzen ez dena, hodi konikoa duen eta tronpeta bezala jotzen den fliskornoa dugu.

Urnietako musika banda 1917an. Ezkerraldean fliskorno-joleak. (Iturria: Fototeka)
Aipatu behar da, baita ere, tronpetaren antzeko pistoidun kornetina1 oso erabilia izan dela XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasierako bandetan. Tronpetak ordezkatu zuen eta egun ez da erabiltzen gure musika bandetan.

Raimundo Sarriegi Euterpe elkarteko musika banda zuzentzen 1868an. Bigarren ilaran kornetin-joleak eta tronpa naturala. (Iturria: Hermenegildo Otero)
OHARRAK
1 Iparraldean: Cornet á pistons.
ITURRIAK
Bibliografia
SAGASETA ARIZTEGI, Migel Angel. (1977). Danzas de Valcarlos; Luzaideko Iantzak. Pamplona: Diputación Foral de Navarra.
(2011). Luzaideko ddantzak. Bilbo: Herritar Berri-Astero; Baigorri-Gara.
Diskografia
RAMUNTCHO. (-). Bal champêtre. Au Pays Basque. Nº 2 Agorila. P.M. 33-6.
(-). Irrintzina. Agorila. AG 70-14.
(-). Bal champêtre. Au Pays Basque. Agorila. AG. 70.02.
Irudi galeria
Audioa
Bolant-dantza. Jon Artuzamunoa. Hernani, 1999.
Fitxa osoa
- Zenbakia:
- 65
- Klasifikazioa:
- Aerofonoak -> Ezpain bibrazio (tronpeta) -> Kromatikoak
- Oharrak:
- TRUMPET

