Edukira joan | Menu nagusira joan | Saltar a la secciones

Hasiera >> Denda >> CD >> LARRAUNGO HERRI-DANTZAK
 

LARRAUNGO HERRI-DANTZAK

Erreferentzia:
HMB-2016-1154-CD
Izenburua:
LARRAUNGO HERRI-DANTZAK
Egilea/Emailea:
Edizioa: Juan Mari Beltran Argiñena
Urtea:
2016
Argitaletxea:
Soinuenea Fundazioa
Salneurria:
12 € (BEZ barne)


Juan Mari Beltranek editatutako disko-liburu honetan 60. hamarkadan hasi eta urtetan luzatu zen lanean bildutako materiala erabili da. Liburuan egin zen ikerketari buruzko azalpenak izateaz gain, informatzaileei hartutako hitzen transkripzioak, haiei buruzko datuak eta diskoan ageri diren piezen partiturak daude.



Lan honek aurrekari ugari ditu. Ama larraundarra izanik, txikitatik izan du Juan Mari Beltranek harreman eta lotura zuzena Larraun bailararekin. Haurtzaroan denbora luzea pasatzen zuten bertan eta horren ondorioz ondo ezagutu zituen 1950. hamarkadako inguru horretako eguneroko, ospakizun, festa nahiz jaietako giro eta ohiturak. 1962an Etxarri Aranatzetik Donostiara bizitzera aldatu zirenean Larrauneranzko joera mantendu zuten.

Juan Mari Beltranek, Donostiako Argia Euskal Dantza Taldeko partaidea zela, 1967an hasi zuen Larraungo folkloreari buruzko informazio bilketa. Garai hartakoak dira Iribasko Juan Bautista Lasarteren ahotik jaso zituen ingurutxoaren musika eta bestelako kantak. 1968an Argia Taldeko dantzariek, eta haiekin batera Iribasko gazte batzuek, Ingurutxoa ikasi zuten.

Larraungo folkloreari buruzko bilketa lanaren hasieran ez zuen grabaziorik egiten, zuzenean paperean gordetzen zuen jasotakoa, baina laster hasi zen hots grabazioak egiten eta gordetzen.

1970ekoak dira grabatutako Ingurutxoaren lehen doinuak. Larraunen egin zituen lehen grabazioak eta gaur egun Soinuenearen fonotekan kontsulta daitezke. Ondoren etorri ziren silla-dantza, almute dantza, ezpainetako soinua eta abar luze bat.

Informatzaile asko izan dira galdetuak urte hauetan. Eztarri eta belarri oneko abeslariak, oin arindun dantzariak eta orokorrean memori oneko herri dantza eta musika zaleak. Bisitatutako herri eta etxe guzietan beti jaso dute harrera eta tratu aparta lan honen egileek.

Bilketa lan horietatik elkarte ezberdinen argitalpenetan agertu diren artikulu, komunikazio eta hitzaldiak sortu dira. Hor daude, besteak beste, UEUren Printzak Saileko 5 zenbakian argitaratu zen Doinu zaharren inguruan. Iribas, Ortzadar elkartearen Sukil, Cuadernos de Cultura Tradi-cional bildumako lehenengo zenbakian argitaratu zen Silla-dantza eta Almute-dantza. Iribasko bi dantza jokuak, edo Dantzariak aldizkarian argitaratu zen Larraungo Ingurutxoa edo Ingurutxoa Larraunen.

Orain aurkezten duguna Larraungo herri kultura eta dantzen inguruan egin den ibilbide horretan beste urrats berri bat da. Aurrera egin ahall izateko oso garrantzitsua izan da Mitxau-senea Lekunberriko Kultur Etxeak eskaini eta utzi digun argazki bilduma, XX. mende hasieran Larraungo herrietan egindako argazkiz osatutakoa.

Horretaz gain, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Mitxausenea Lekunberriko Kultur Etxeak eta Barakaldoko Laguntasuna Kultur Elkarteak proiektu honen argitaratzean lagundu izana eskertu behar dugu.



 

Oiartzungo udala Oiartzungo
udala

Juan Mari Beltran Argiñena bilduma J.M. Beltran
Argineña
bilduma

SOINUENEA
Tornola kalea, 6 - 20180 OIARTZUN - Tel/Fax 943 493 578 - soinuenea@soinuenea.eus
Irisgarritasuna | XHTML 1.0 | CSS 2 | WAI-AAA | TAW 3 | Creative Commons Licencia de Creative Commons